Shoot The Target helburu komun bat duten bi lagunen bidaia bat da, bi gorputzen arteko elkarrizketa bat; bi gorputz, zeinak urrunago iristearren urratsa sinkronizatzen baitute, atseden hartzeko bata bestean bermatzen baitira, urrunago iristeko elkarri bultzatzen baitiote eta elkar zaintzen eta babesten baitute.
Espiral bat, publikoa bizi-ibilbide batean murgiltzen duena, bozkariozko energiatik heldutasunaren astuntasunera jauzi eginez, taldearen ibilbidearekin bat.
Proyecto Larrua dantza garaikideko taldeak Gasteizen du egoitza eta Jordi Vilaseca eta Aritz López ditu zuzendari. Espazio ez-konbentzionaletan dantza egitea da taldearen bereizgarrietako bat. Ildo horretatik, Azkuna Zentroko Ataria toki ezin hobea da pieza hau aurkezteko, “Shoot The Target”, jatorrira itzultzeko premiatik sortua eta hurbiltasunetik dantza publiko guztiengana eramatea helburu duena.
Deskribapena:
Shoot The Target piezak jatorrira itzultzeko premiari erantzuten dio. Izan ere, Proyecto Larrua hasi zenetik hainbeste urte igarota, gure lehen egoitza hartara itzultzeko bultzada sentitu dugu; kaleko gure lehenengo pieza –LARRUA izenekoa hori ere– sortzeko bidea eman zuen hasierako ikerketa hartara itzultzeko desira.
Posizio horretan kokatzea, baina gure ibilbidean lortutako esperientziatik eta jakintzatik; berriro ikertzea; mugimendutik elkarrizketa egitea. Espazio ez-konbentzionaletan dantza egitea da gure nortasun-ikurretako bat, duela urte askotatik, dantza publiko guztiei helarazteko irrika dugulako eta publikoarekiko hurbiltasuna lortzeko bidea ematen digulako. Horregatik beti egin izan dugu espazio berezietarako pieza espezifikoak sortzeko apustua, kontuan harturik, betiere, hurbiltasuna, 360 graduko ikusgarritasuna, iragankortasuna, kutsadura akustikoa eta espazioaren bestelako ezaugarriak.
FITXA ARTISTIKOAKoreografia: Jordi Vilaseca Interpreteak: Aritz López eta Jordi Vilaseca Musika: Luis Miguel Cobo