Mundu zientifikoak Esperientziaren iraungipena deitzen dio gizakiok egiten dugun ingurumenaren eta naturaren arteko bereizketa emozionalari, batez ere gero eta pertsona gehiagoren bizileku diren hirietan eta hiri-inguruneetan eta ingurune teknologikoetan.
Gabezia emozional horrek zaildu edo eragotzi egiten digu aurre egitea ingurumenaren degradazioa bultzatzen duten epe luzeko politika eta erabakiei.
Berdeguneen gabezia dela-eta, joera dago hirietan natura sartzeko, eta mundu osoan hiri asko ari dira bat egiten joera horrekin. Hirigintza-plangintza eraldatzen ari da, planteatzen dute, berdeguneak puntu sakabanatuak izan beharrean, hiri-espazio osoa komunikatuko duen bilbe bat osatu behar dutela, pertsonentzako lekuak berreskuratuz eta natura hirian sar dadin eta hiriaren parte izan dadin utziz.
Jose Ramón Ais artistak eta Nomad Garden-en sortzaile Mª Salas Mendoza Muro-k parte hartuko dute.
Deskribapena:
José Ramón Aisek bere proiektuaz hitz egingo du: El ladrón de miel. Proiektuak “Arbolado para calles, imperios y paraísos” seriea du abiaburu, zuhaitzen eta hiri-testuinguruaren arteko elkarrizketa sortzen duten zuhaitz-lerrokaduren prototipoak. El ladrón de miel proiektuak hiriko zuhaitz-lerrokadura batera eramaten du kontakizun mitologikoetan oinarrituta dagoen lorategi klasikoaren programa kontzeptuala. Lizarrak (fraxinus ornus), altzifreak (cupresus sempervires), ezkiak (tilia cordata), pikondoak (ficus carica), laranjondoak (Citrus x sinensis) eta sagarrondoak (malus floribunda) osatzen dute.
Izenburuak Teokritoren bertso bukolikoei egiten die aipamen; izan ere, erleek Eros ziztatu zuten, eztia lapurtzen saiatzen zen bitartean. Lerrokadurak desira eta amodioa ardazten ditu bizitza-pultsio gisa, eta leku bat marrazten du hiriko ekosistema osatzen duten espezieak elkartzeko. Zuhaitz meliferoek osatzen dute, zeinek eztia sortzen duten erleekin sinbiosian. Beren erabilera ugariak direla-eta, zuhaitz hauek funtsezkoak izan dira zibilizazioen bilakaeran, gaur egungo hirietara iritsi arte. Lerrokadura sedukzio-tresna bat da, loraldiaren lurrinak hiriari deitzen baitio organismo gisa; zalantzan jartzen ditu erabilgarritasunean oinarritutako harreman funtzionalaren desorekak, eta galderak egiten ditu zuhaitzen eta hiri-espazioaren arteko balizko mutualismoei buruz, “ezti-ebasle” hutsak izan ez gaitezen.
Bestalde, Mª Salas Mendoza Murok Kleos Guiniguada proiektuari buruz hitz egingo du.
Giniguadako sakanak, Telde eta Gáldar guanartematoen arteko antzinako muga eta Kanaria Handiko Las Palmasen kokagunearen jatorria denak, gaur egun ere lotzen ditu itsasoa eta mendia, hiria eta lurraldea, kontsumorako espazioak eta ekoizpen-espazioak, garai antropikoak eta geologikoak, espezie endemikoak eta exotikoak, gizakiak eta gizakiak ez direnak.
Ikuspegi horretatik, Guiniguada ez da parke burges eroso eta koherente bat, baizik eta paisaia gainjarrien collage heterogeneo bat, integratu eta konpondu gabeko prozesu natural eta produktiboen hondakin gatazkatsu bat. Hain zuzen ere, horretan datza bere benetakotasuna, eta, orobat, bere errealitate askotarikoen eta zatikatuen artean konplizitate berriak egituratzeko aukera.
Kezka horrekin, arkitektura, arte, historia, ingurumen, biologia, ingeniaritza, informatika, musika, gastronomia eta lurringintzako profesionalak lanean aritu dira elkarrekin 18 hilabetez, sakana denboran barrena osatu duten berezitasun geologiko, biologiko eta kultural batzuk berraurkitzeko eta berrosatzeko.