Egikera sortzaile bat erakusketak Marisa González artistaren lana errepasatzen du, 2023an Velázquez Saria lortu baitzuen, multimedia sortzaile gisa egindako ibilbide luzeagatik.
Marisa González (Bilbo, 1943) aitzindaria da Espainian arte-sorkuntza eta irudiak komunikatzeko eta erreproduzitzeko teknologiak uztartzen. Hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere lana ohiko baliabide artistikoetatik aldentzen da, eta makinak — koloretako fotokopiagailuak, termofaxak eta bere garaian puntako teknologia izan diren beste tresna batzuk — erabiltzen ditu kopiatzailea edo erreplikatiboa izan beharrean sortzailea den artea asmatzeko. Makinarekin izandako eragin-truketik sortzen diren elementu berriak eta originalak sartzen ditu, ez makinaren funtzionamendu soiletik sortutakoak. Marisa Gonzálezek metodo propio bat sortu du, hizkuntza bat, non berehalakotasunak, zoriak, probak eta erroreak hartzen duten protagonismoa.
Deskribapena:
Violeta Janeiro Alfageme arte historialari eta ikertzaileak komisariatutako antologiko honek artistaren bost hamarkadako ekoizpena biltzen du eta bere serie eta proiektu handien zati handi bat erakusten du. Bertan ikus daitekeenez, artistarentzat makina eta teknologia baliabide bat dira orainaz era kritikoan hausnartzeko.
Gailu teknologiko bakoitzaren bidez, Marisak bide alternatiboak aurkitu ditu kontatzeko eta errealitatea irudikatzeko, eta irudiak eta prozesuak sortu ditu, tresnak aurrez zituen erabilerak gaindituz.
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok laguntza ematen du Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionalaren proiektu honen ekoizpenean. Maiatza eta iraila bitartean Madrilgo museoan egon da ikusgai. Ibilbidearen bigarren tarte honetan, handitu egin da erakusketa eta artistaren proiektu enblematikoenetako batzuk nabarmendu dira, bertako testuinguruari lotuta. Horrela, ohiko obrez gain, Nuclear Lemóniz eta La Fábrica – Harino Panadera 1999-2000 proiektuen zati bat dago ikusgai. Biek ala biek biltzen dituzte artistak industriaren ikuspegitik zuen begirada eta artearen eta teknologiaren aitzindari gisa nekatzeke egin zuen lana.