Maddi Barber eta Sabine Groenewegen gonbidatuekin kinu#2 eta kinu#3 saioak egin ondoren, zikloak apirilaren 12an jarraituko du, Venezuelan jaiotako espainiar zinemagile Andrés Duqueren lanari eskainitako Kinu#4 saioarekin. Bere lana espainiar ez-fikzioaren periferian kokatzen da, eta saiakera-kutsu sendoa du.
Deskribapena:
PROGRAMA
Apirilak 18, igandea / 12:00 Ensayo final para utopía (2012)
Gaixorik zegoen aitari Venezuelako ospitale batean laguntzen zion bitartean, zinemagilearen pentsamenduak Mozambikera joango dira, han ari baitzen filmatzen aitaren osasun-egoera makalari buruzko berriak jaso zituenean. Dantza eta iraultzaren irudiek -batzuk berreskuratuak eta beste batzuk zinemagileak grabatutakoak- errealitate alternatibo bat ekartzen dute gogora, mundu espektral bat, mugimenduaren sentsualitatetik abiatua. Zinema murgiltze-esperientzia bat izan daiteke. Ensayo final para utopía bezalako filmak horren froga dira.
Apirilak 25, igandea / 12:00 Carelia: internacional con monumento (2019)
Oleg Karavaychuk (1927-2016) errusiar piano-jotzailearen aginduz –hari eskaini baitzion bere aurreko filma- iritsi zen Kareliara zinemagilea. Karelian, zuhaitzak dena dira. Errusia eta Finlandiaren arteko mugatik gertu dagoen kokaleku batean, familia batek bizirik gorde ditu erritu xamaniko tradizional batzuk. Basoetan, haurrak jolasean ari dira, eta argazkiak iltzatzen dituzte zuhaitzen enborretan, Stalinen errepresio odoltsua gogoan. Politikak eta espiritualtasunak bat egiten dute intuiziozko eraikuntza eta inpresio poetikoak dituen film honetan: artxibo historikoak, naturako planoek, familia-eszenek eta testigantza inkisitorialek, irudimenaren bidez, memoria historikoa sortzen dute.