Bi gizon besarkatuta. Bi gizon dantzan, dena amaitu eta dena berriz hasi arte.
Garaiko seme-alabak izaki, aro digitalean jaiotakoak egoera ezegonkor eta nahasi batean bizi dira, eta gizatasuna galtzeko eta bakartzeko prozesu bati aurre egin behar diote (eta aurre egin behar diegu). Horretarako, badirudi irtenbiderik arrakastatsuena blindatze indibiduala dela, identitate bereizi bat edo marka pertsonal bat sortzea. Salgai dagoen produktu bat gara sekula baino gehiago, eta gaztetasuna da baliorik gutiziatuena. Garaikidetasunak gorputz hauskorrak suntsitzen ditu, ahulenak zatikatzen, bazter uzten ditu matxinadaren eta otzantasunaren artean zabuka ari diren (garen) moldakaitzak.
Hedatzen den pasiozko dantzak errepikapenean eta katarsian hartzen du zentzurik garbiena: akitu arte dantzatu, abaildu arte zaunka egin, hil arte bizi. Bere burua aurkitu nahian, bere burua bestearengan ikusten duen gizonaren kontakizuna.
Led Silhouette-ren konpainiaren azken sorkuntza eszenikoak duen proposamena errepikapenaren trantzetik irudien segidarekiko lilurara doa. Atzokotik lapurtu, eta biharrera jaulkitako irudiak, oraingoak eta iraganarekin lokaztuak, plastika garaikidetik forma atabiko lurtarreraino, garaien eta lengoaien etengabeko gurutzaketan. Los perros lanean Martxel Rodriguez eta Jon Lópezek hiru belaunaldiren arteko elkarrizketa irudikatzen dute, Carmina S. Belda idazle eta antzerkigilearen testuen proiekzioarekin lagunduta, eta Oier Zuñiga aktorearen offeko ahotsarekin eta Cristobal Saavedraren musikarekin batera.
Deskribapena:
Proiektuaren zuzendaria: Led Silhouette Ideia eta zuzendaritza artistikoa: Marcos Morau Laguntza koreografikoa: Marina Rodriguez Antzezleak: Jon López eta Martxel Rodriguez Testua: Carmina S. Belda Itzulpena: Gaizka Sarasola eta Mattane Rodriguez Offeko ahotsa: Oier Zuñiga Argiteriaren diseinua: Andoni Mendizabal Musika eta soinuaren diseinua: Juan Cristóbal Saavedra Eszenografia: David Pascual Fotografia: Irantzu Pastor Bideoa: Marina Rodriguez Jantzien diseinua: Iñaki Cobos Maskarak eta atrezzoa: Juan Serrano - GADGET Efectos Especiales Protesiak: Marti Doy Ekoizpena eta banaketa: Led Silhouette Ekoizpeneko laguntzailea: Nagore Martínez Lankideak: Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren DNA programaren eta Fundación Caja Navarra - Fundación “La Caixa”ren INNOVA Cultural-aren laguntzarekin. Lesakako Udala
Ikuskizun hau euskal antzokien sareko 2023ko dantza-zirkuituaren parte da.