Somewhere from here to heaven ikus-entzunezko erakusketak (2022ko urriaren 28a > 2023ko apirilaren 16a) belaunaldi desberdinetako zinemagileen konstelazio bat marrazten du, Bruce Baillie-ren unibertso filmikoan inspiratuta. 2020an hil zen Baillie eta 60/70eko hamarkadetako "funtsezko" zinemagilea izan zen. Amerikako paisaiak erakusten dituzten Baillie-ren film lirikoek eragina izan dute abangoardiaren zirkulutik haratago dauden artistengan, George Lucas edo Apichatpong Weerasethakul barne hartuta.
Erakusketa Aretotik, Somewhere from here to heaven Zinematekaren bidez hedatuko da, zinema garaikideko eta zinema historiko esperimentaleko zikloekin, esperientzia bisualaren eta zinematografikoaren artean. San Frantziskoko Canyon Cinema-ren artxibora sartzeko aukera bakana. Programan proiektatuko diren pieza asko 16 mm-koak dira –hondatu ez daitezen, proiekzio bakarra programatu da eguneko–, eta 1960ko hamarkadan zinemagileen foro gisa sortutako kooperatiba horretan dute sorburu. Gaur egun, Canyon Cinema Foundation da ondare horren erreferentziako lekua, baita mugimenduan dauden irudi independenteen, ez komertzialen eta esperimentalen ekoizpen garaikidearena ere.
Deskribapena:
Ziklo garaikidea, Garbiñe Ortegak komisariatutakoa, azaroaren 1etik 30era izango da, eta erakusketako artistak izango ditu ardatz: Ana Vaz, Ben Rivers, Apichatpong Weerasethakul eta Eduardo Williams elkarrizketan arituko dira Bruce Baillieren pelikulekin. Aukeratutako filmek jolas bat proposatzen dute, elkarrizketa posible bat denek partekatzen dituzten gaiez eta sentsibilitateez, hala nola argia eta kolorea naturan aztertzeaz, askatasun-forma berriekiko liluraz edo gauzen esentziarik espiritualenaren aurkikuntzaz.
EGITARAUA - ZIKLO GARAIKIDEA
1. Saioa. Paisaia emozionala. Badirudi loreek, elurrak, zelaiak eta kale batek sekretu bat ezkutatzen dutela. Bruce Baillie, Ben Rivers, Apitchapong Weerasethakul eta Ana Vaz-ek gogora ekartzen digute nongoak garen eta naturarekin batzen gaituzte behatzeko ekintzaren bidez.
2. Saioa. Askatasun- eta poesia-moduak. Askatasunak hezten du? Hezkuntzak askatzen du? Ana Vaz, Ben Rivers eta Bruce Baillieren film hauek gogoeta horiek ekartzen dizkigute haurtzarora hurbilduz.
3. Saioa. Gogorarazten duten espazioak. Ana Vaz, Bruce Baillie eta Apichatpong Weerasethakul-ek memoria kolektibo, sozial eta politiko bat eraikitzeari ekiten diote. Film hauek aztarnak jarraitzen dizkiete noizbait handik igaro zirenei.
4. Saioa. Zerua gainbehera. Gorputzari itsatsitako kameren artean, historia ez da gelditzen, orainean lebitatzen du mamu baten gisa. Beste jatorri batzuk hizpide duten toki desberdinek eta ahaztutakoa erakusten duten espazioak.
5. Saioa. Gaztaroko ametsak. Gaztaroan, amestu eta edozein aukera posible dela sinets dezakegu. Apitchapong Weerasethakul eta Eduardo Williams-ek amets egitera presatzen gaituzte bizitzeari ekiteko darabilgun energia berberaz.
6. Saioa. Mundutik urrun. Demagun mundutik urrun gaudela. Ez dagoela inor lurrean, norbera baizik. Ben Rivers-ek 16 mm-tan begiesten ditu bakardadea eta naturarekin sakon bat eginda bizitzeko askatasuna.
7. Saioa. Gazteria likidoa. Eduardo Williams-en film honek gazteei jarraitzen/erretratua egiten die, ikuspegi berrien, aukera berrien, deriba birtual eta erreal berrien bila dabiltzala, geldiarazten duen lanak sortutako bizi-esperientzia alienatzailearen aurrez aurre.
Ziklo historikoa 2023ko urtarrilaren 25etik otsailaren 8ra izango da, eta 1960ko hamarkada emankorrean sortutako filmak (berr)aurkitzea izango du ardatz. Garai hartan, Bruce Baillie eta zinemagile amerikarren belaunaldi bat zinema egiten hasi ziren, horietako asko Bailliek beste batzuekin sortutako Canyon Cinema izeneko zinema-erakustoki eta -banatzaileak eratu zuen “familia”ri esker.
16 mm-tan proiektatuko den ziklo historiko honek aukera emango du abangoardia amerikarraren funtsezko klasiko handiak berrikusteko (Maya Deren, Marie Menken, Bruce Conner eta Larry Jordan) eta, orobat, garai hartako mugimendu politiko eta sozialei buruzko filmak (Lenny Lipton, James Broughton, Tom Palazzolo, Dan Draisin) eta zinema pertsonalago eta abangoardistago batera begirada feminista ekarri zuten emakume zinemagileen belaunaldi berri batek egindako film handiak (Chick Strand, Alice Anne Parker, Gunvor Nelson, Janis Crystal Lipzin) ikusteko.
EGITARAUA - ZIKLO HISTORIKOA
1. Saioa. Aitzindariak. Maya Deren, Bruce Conner, Larry Jordan, Marie Menken, Will Hindle eta Peter Hutton ezinbesteko izenak dira 1940tik aurrera AEBetan sortzen hasi zen zinema underground-a ulertzeko. Ondoko zinemagileengan eragina izango zuten joko onirikoak, found-footage-aren birjabetzeak, justaposizioak eta behaketa-zatiak 16 mm-tan.
2. Saioa. Gorputzaren politika. Iraultza baten erdian, gorputzarena ere bai. Programa honek zinema feministaren eta politikoaren aitzindarien filmak erakusten ditu, gorputza beste modu batez bistaratzeko aukera eman zutenak, hain zuzen, belaunaldi batengan baino gehiagorengan eragina izan zuten Chick Strand, Alice Anne Parker eta Gunvor Nelson-enak.
3. Saioa. Mugimenduak eta iraultza!. Konfrontazioa, borroka, iraultza 16 mm-tan: Estatu Batuetako 1960ko hamarkadako mugimendu sozialen erretratuak, Larry Jordan, Tom Palazzollo eta Dan Raisin-en filmekin.
4. Saioa. Gertutik filmatu. Kamerak bira ematen du eta jabetzen da inguruan duenaz, gertukoenaz, etxekoaz, familiaz. Argiaren bidez intimitatea atzitzen du, pertsonaiek inozentzia galtzen duten bitartean. Besteak beste, Gunvor Nelson, Marjorie Keller eta Chick Strand zinemagile handien filmak.
5. Saioa. Antiheroiak. Bruce Bailliek Europako antiheroien irudiak erabiltzen ditu (Kixote eta Parsifal, hurrenez hurren) Estatu Batuak zatika irudikatzeko, han lan industrializatuak eta naturaren konkistak bereizi egin baitituzte pertsonak beren buruetatik eta jatorrietatik.