Thumbnail
Titulua: 
Cabello/Carceller. Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa
Data: 
2022-03-10 / 2022-09-25
Lekua: 
Erakusketa aretoa, -2. solairua
Artista(k): 
Cabello/Carceller
Komisarioa(k): 
Preciado, Paul B. (1970-)
Ekoizpena: 
Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao
Formatua: 
Erakusketa
Etiketak: 
Laburpena: 
Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Carceller) kolektibo artistikoaren lana egongo da ikusgai erakusketa-aretoan, hain zuzen, Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa erakusketa, kontakizun historikoaren eraikuntza eta queer eta trans politika garaikideak harremanetan jartzen dituen proiektua.

Diziplina arteko lanaren bidez Cabello/Carceller-ek instalazioa, performancea, fikzioko kontakizuna eta bideoa erabiltzen ditu, praktika bisualetako irudikapen-modu hegemonikoei buruz galderak egiteko eta alternatiba kritikoak proposatzeko.

Kasu honetan, artistek aurkitu zuten erretratu liluragarri bezain ezohiko bat da proiektuaren abiaburua: Juan van der Hamen-ek (ziurrena) Espainiako itsas armadako alferez gisa jantzitako Katalina Erausori 1625 eta 1628 artean egin ziona, gaur egun Kutxa bildumakoa dena. Erauso 1592an jaio zen Donostian, emakumezko sexua esleitu, eta Katalina izena eman zioten. Sarritan "moja alferez" izenez da ezagunagoa, neurri batean, bere autobiografiari esker, hor, "gizon gisa jantzita" komentutik ihes egin zuen neska gazte baten abenturak kontatu baitzituen, gero soldadu eta merkatari modura Espainiako inperioak Txiletik Mexikora kolonizatutako lurretan ibili zenarenak (besteak beste, Francisco Loyola, Juan Arriola, Alonso Díaz Ramírez de Guzmán... eta Antonio Erauso izenak hartuta).

Erakusketaren komisario Paul B. Preciadok nabarmendu duenez, "gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu trans har daiteke" nahiz eta nozio hori anakronikoa izan, XVIII. mendera arte ez baita existitzen. Baina, argitzen duenez, Erauso, bere erretratua bezala, itzalak dituen irudi bat da. "Olio-pinturaren atzealde beltz-beltzean aurpegi zorrotz bat agertzen da, baina begirada kezkagarriki gozoa duena, eta, hala, ez dago aukerarik maskulinotzat edo femeninotzat jotzeko. Alabaina, maputxeen genozidioan inplikatuta egon zenez eta merkatu kolonialean izan zuen jarreraren ondorioz, figura deserosoa da trans historian". Horregatik, argi-ilunarena da erakusketaren estetika, Erausoren erretratuarena bezala.

Cabello/Carceller-ek Erausoren "erretratu" berri bat egin dute proiektu artistiko honetarako, eta trans pertsonaia berrien galeria batek interpelatzen du. Azkuna Zentroak ekoitzitako ikus-entzunezko lan hau Doxa Produciones-ekin filmatu da, Alberto sin Patrón izan da jantzien diseinatzailea eta Mursego arduratu da musikaz.

Horrela, erakusketa erretratuen galeria analogiko-digital gisa eraiki da, non Erausok (bai 1625ko erretratu historikoak eta kopia, bai Cabello/Carceller-en erretratu berria) artisten aurreko lanaren beste irudikapen batzuekin bat egiten duen, besteak beste, lan hauekin: Autorretrato como fuente 2001ekoa, Archivo: Drag Modelos (2007-prozesuan), Movimientos para una manifestación en solitario (2021) eta Lost in Transition_un poema performativo (2016). Erakusketa-proiektua osatzen da jardueren programa publiko batekin, erakusketaren katalogoarekin eta bigarren hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako bisita-tailerren hezkuntza-programa batekin.
Erlazionatutako jarduerak: 
Cabello/Carceller & Paul B. Preciado. Hizketan
Topaketa Naizen-Adingabe Transexualen Familien Elkartearekin
Mediatekan: 
Gomendatutako bibliografia
Argitalpena: 
Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa [Katalogoa]
Bildumetan agertzen da:
Erakusketak