Logo
Harrison, Margaret (1940- )
Harrisonek Carlisle-ko Arte Eskolan ikasi zuen 1957tik 1961era; eta Londresko Royal Academy Schools-en 1961etik 1964ra, Ingalaterran. Gero, Perugiako Arte Ederretako Akademian eskuratu zuen gradua (Italian), 1964an.

Londresko Women’s Liberation Art Group taldearen sortzaileetako bat izan zen 1970ean. 1971n, erakusketa itxi zion poliziak, Hugh Hefner untxitxo baten gisa irudikatuta zuen pieza bat zuelako.

1973. eta 1975. urteen artean, Kay Hunt eta Mary Kelly artistekin aritu zen elkarlanean, Bermondseyko kutxa metalikoen fabrika batean (Londres) emakumeek egiten zuten lanari buruzko azterketa egiten. 1975ean aurkeztu zituzten ikerlan horren ondorioak, South London Art Gallery-n lehenengo aldiz ikusgai izan zen ‘Emakumeak eta lana: industrian dagoen lan-banaketari buruzko dokumentua 1973-1975’ izeneko erakusketan. Hor, proiektuan parte hartu zuten 150 emakume langileren istorioa kontatu, eta emakume horiek lantokiarekin zuten harremana aztertu zuten. Gainera, 1970ean onetsitako soldata-berdintasunerako legearen ondorioz enpleguan eta industrian izan ziren aldaketez egin zituzten hausnarketak bildu zituzten.

1980. urtean, Londresko Arte Garaikideko Institutuan R. Lippard komisarioak gidatu zuen «Issue: Social Strategies by Women Artists» nazioarteko erakusketa kolektiboan sartu zuten haren lana. Nazioarteko erakusketa horrek orientabide sozialeko praktika artistiko feminista nabarmendu zuen. Funtsezko erakusketa feministatzat jo izan da. Chris Crickmayren arabera, Harrisonen lana nabarmentzen hasi zen, beste artista batzuekin batera, «ordura arte arte-galerietan sekula erakutsi gabeko kezka sozialak islatzen zituelako».

Honela deskribatu zen Harrisonen ‘Beautiful Ugly Violence’ lana: «justaposizio algara honetan, haren margolanetako kolore biziek eta alaiek aurre egiten diote maiz ezkutua eta batzuetan hilgarria den sakoneko gaiari: emakumeen aurkako indarkeria erabiltzeko modu desberdinei».

Harrisonek Estatu Batuetan eta Ingalaterran jarraitzen du lanean, eta hainbat herrialdetan egin ditu erakusketak, Amerika, Suitza, Alemania, Txina eta Britainia Handia barne hartuta. Estatu Batuetako Arte Garaikidearen Museoan, eta Tate Britain, Tate Modern eta Tate Liverpool museoetan izan ditu obrak ikusgai. Bestalde, Gizarte eta Ingurumen Arteko Ikerkuntza Zentroko goi-mailako ikertzaile irakaslea eta zuzendaria izan zen, Manchester-eko Unibertsitate Metropolitarrean.

2011n, hainbat lan jarri zituen paper gainean erakusgai, Beverley Knowles-ek Londresko ekialdeko Payne Shurvell galerian antolatutako ‘I am a Fantasy’ ikuskizunean. 2013an, ‘On Reflection’ erakusketa izan zuen ikusgai galeria horrexetan. Gainera, 2012an, aktore bakarreko ikuskizun batean parte hartu zuen Berlingo Silberkuppe Galleryn.

2013an, Norther Art Prize saria irabazi zuen, elkarren artean lotutako ‘The Last Gaze’, ‘Objectiflection’ eta ‘Common Reflections’ hiru lanak barne hartzen zituen ‘Reflect’ instalazioarekin. Urte horrexetan, Paul Hamlyn Awards artistentzako sari ospetsuetako bat eskuratu zuen.

ArtxiboAZan