Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok OSA+MUJIKA konpainiaren Loser lana aurkezten du, 2019ko Dantza Garaikideko Egonaldian sortutakoa. Azkuna Zentroan eta Dansateliers Rotterdam zentroan landutako proiektu hau, hausnarketa bat da milenialen inguruan, beren harreman sozialak, sareekiko duten mendekotasuna eta gizarteak berauengan duten itxaropenen gainean. OSA+MUJIKA konpainia, Jaiotz Osa eta Xabier Mujikaren topaketa artistikoaren ondorioz sortzen da, sormenezko bi mundu baturik, dantza eta eszenografia/jantziak.
Deskribapena:
"Loser" pieza, hausnarketa bat da milenialen inguruan, beren harreman sozialak, sareekiko duten mendekotasuna eta gizarteak
berauengan duten itxaropenen gainean: «Berezia nintzela esaten zidaten, behin eta berriz. Bizitzan nahi nuena lortuko nuela ere esaten zidaten, besterik gabe nahi izate hutsarekin. Errealitateak berehala esnatu ninduen; ez naiz berezia eta ez dut desiratutakoa lortuko nahi izateagatik bakarrik. Bizitza perfektua eta arazorik gabekoa erakutsi beharra eta erreala ez den mundu baten onarpen beharra, mugagabea den hutsunea estaltzeko bidearen bila. Hori da Millenialek sentitzen duguna; kritikatua den generazio honek egia
sakona izkutatzen du: zoriontasun eza».
Hizkuntza koreografiko oso fisiko baten bidez eta gorputza abiapuntutzat hartuta beti, OSA+MUJIKA konpainiak beraientzat berriak diren espresio moduak arakatzen dituzte, mugimendua eta koreografiaz gain, dramaturgia ere arreta handiz landuz. Artisten hitzetan, «pieza honen helburua, benetako millenial bat aurkeztea da, bere ezaugarri guztiekin. Honek, alde batetik, bere amets eta helburuak lortzeko
gogoz borrokatuko du, baina bestetik, frustrazioa, etsipena eta amorrua sentituko ditu. Barne gatazka hauen aldaketak erraz nabarituko dira piezaren eszenetan. Honela, batzuk positibismo eta euforiaz beteta daude, eta besteetan porrota izango da protagonista».