- Chicago, Judy (1939- )
- Judy Chicago (1939ko uztailak 20, Chicago) artista, egilea, irakaslea eta humanista da; artearen definizio zabalagorako, artistarentzako eginkizun handiagorako eta emakumeentzako adierazpen-askatasunerako eskubideen defentsarako ereduak dira bere lana eta bizitza. Estatu Batuetan, Kanadan, Erresuma Batuan, Europan, Asian, Australian eta Zeelanda Berrian jarri dute erakusgai Chicagoren lana. Hamalau liburu idatzi ditu, bere arte eta filosofia mundu osoko irakurleei eramateko.
Arte-jardun profesionalean hamar urtez aritu ondoren, 1970eko hamarkadaren hasieran, Chicago arte feministaren eta arte-hezkuntzaren aitzindari bihurtu zen Kaliforniako Estatu Unibertsitatean (Fresnon) emandako emakumeentzako programa paregabe baten bidez. Urteetan, ikuspegi pedagogiko hori garatzen jarraitu du.
Chicagok, emakumeen historiaren gaian jarri zuen arreta 1974an, eta lanik ezagunena orduantxe sortu zuen: The Dinner Party, 1974 eta 1979 artean 400 boluntarioren bitartez gauzatua. Multimediako proiektu monumental hori mendebaldeko zibilizazioko emakumeen historia sinbolikoa da. The Dinner Party lanak egoitza iraunkorra aurkitu zuen 2007an Brooklyn Museumeko Elizabeth A. Sacker Arte Feministaren Zentroan.
1980tik 1985era bitartean Chicagok Birth Project izeneko proiektua landu zuen. Mendebaldeko artean jaiotzaren gaiaren inguruko ikonografiarik ez zegoela ikusita, Chicagok brodaturako hainbat irudi diseinatu zituen jaiotza eta kreazioa ardatz hartuta; irudi horiek 150 brodatzaile talentudunek egin zituzten herrialdeko toki ezberdinetan, artistak gainbegiratuta.
Birth Project proiektua osatu bitartean, Chicagok estudio-lan indibidualari ere heldu zion PowerPlay sortzeko. Chicagok maskulinotasunaren generoaren konstruktoari begirada kritiko feminista eman zion marrazkiak, pintura, ehuna, moldezko papera eta brontzezko erliebeak erabiliz, eta boterearen definizioek munduari oro har eta gizonei zehazki nola eragin dieten esploratu zuen.
Boterearen gaiekiko artistaren kezka handiak zein bere herentzia juduarekiko gero eta interes handiagoak bultzatuta, Holocaust Project: From Darkness into Light lan-multzoa sortu zuen Chicagok, zortzi urtez ikertzen, bidaiatzen, ikasten eta arte-sorkuntzan aritu ondoren. Chicagoren pinturak eta Donald Woodman senarraren argazkiek osatutako lan multzoa da, baina Chicagok diseinaturiko eta artisau talentudunek eginiko beirate- eta tapiz-lanak ere baditu.
Resolutions: A Stitch in Time Judy Chicagok elkarlanean sortutako azken proiektua izan zen. 1994an hasita, Resolutions lanak pintura eta brodatua uztartzen ditu, eta, etorkizunari begiratuz, esaera zaharren berrinterpretazio ludikoa egiten du.
2011 eta 2012an, Chicagok Kaliforniako hegoaldeko arteari egindako ekarpen handiek «Pacific Standard Time» ekimenaren arreta bereganatu zuten; Gettyk finantzatutako ekimen horrek eskualdeko historia baliotsua dokumentatzen eta goraipatzen zuen. Chicagoren artearen berrebaluazio horri esker, haren lanarekiko interesa handitu da berriro Ipar Amerikan eta Europan.2014an, Chicagoren 75. urtebetetzea ospatzeko, erakusketak eta ekitaldiak egin zituzten kostaldetik kostaldera; ospakizuna amaitzeko, halaber, A Butterfly for Brooklyn piroteknia-lan konplexua egin zen. Piroteknia-emanaldi hori 12.000 lagunek baino gehiagok ikusi zuten Brooklyngo Prospect Parkean, New Yorken.
Bost hamarkadaz baino gehiagoz, Judy Chicagok irmo eutsi dio arteak eraldaketa intelektualerako eta gizartea aldatzeko tresna modura duen botearekiko konpromisoari, bai eta emakumeek arte-ekoizpenaren maila gorenetan parte hartzeko eskubidearekiko konpromisoari ere.
- ArtxiboAZan