- Arakistain, Xabier (1966- )
- Xabier Arakistain (Madril, 1966) arte komisarioa eta feminista da.
Xabier Arakistainek, Trans Sexual Express (BilbaoArte 1999) bere lehen erakusketatik, sexu kategoria irizpide kuratorialtzat hartu zuen. 2001ean, Rosa Martínez komisarioarekin batera, Trans Sexual Express beste testuinguru batzuetara zabaldu zen, Bartzelonako Santa Monica Arte Zentroan, Budapesteko Mücsarnok Kunsthallen (2002) eta Coruñako Kiosko Alfontsoren (2002) erakustaldiak eginez.
2001etik 2003ra Arakistain BilbaoArte Fundazioko Erakusketa Aretoko programazio paritarioaren arduraduna izan zen, eta 2003tik 2006ra arte eta feminismoari buruzko eztabaida-mahaiak zuzendu zituen Arco azokako arte garaikideko adituen foroetan. 2005ean, ARCO '05 Manifestua bultzatu zuen, zeinak administrazio publikoei neurri praktikoak eskatzen baitzizkien, artearen esparruan sexuen arteko aukera-berdintasuna ezartzeko.
2007. eta 2011. urteen artean, Arakistainek Montehermoso Kulturunea zuzendu zuen, eta etapa horretan aitzindaria izan zen gaur egungo artearen, pentsamenduaren eta kulturaren eremuetan sexuen arteko berdintasun-politikak garatzen eta aplikatzen. Montehermoson La Mirada Iracunda (Maura Reillyrekin batera), Living Together (Emma Dexterrekin batera), What I See. Susan Hiller (Beatriz Herraezekin batera) edo Kick in the Eye. Ocho estrategias feministas para interrumpir la mirada masculina bezalako erakusketak komisariatu zituen.
2008an, ezagutza feminista belaunaldien artean transmititzeko oztopoez eta testu feministen itzulpen eskasiez kezkaturik, Lourdes Mendez antropologo feministarekin batera, Ekoizpen artistikoa eta artearen teoría feminista: eztabaida berriak ikastaroa jarri zuen abian. Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teoriak izenburupean, ikastaroa 2012tik 2108ra egin zen Azkuna Zentroan, Bilbon, eta 2019tik aurrera Artiumen (Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa) egiten da, Begirada feminista izenburupean.
Arakistainek arte feministako artistei buruzko erakusketetan komisarioa ere izan da. Hala nola, Margaret Harrison (Margaret Harrison. Diálogos entre el sexo, la clase y la violencia, Azkuna Zentroa 2017-2018), Judy Chicago (Why Not Judy Chicago? CAPC, Burdeos 2016, Azkuna Zentroa 2015), Guerrilla Girls (Whitechapel Gallery, Londres, 2016-17, FRAC Lorraine, Metz, 2016-17, Matadero, Madrid 2015, Alhóndiga Bilbao 2013 y BilbaoArte 2002) edota Leigh Bowery artista underground britainiarra (Museu Textil y de la Indumentaria de Barcelona 2004 eta BilbaoArte 2002).
EHUko Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazio Sailean lizentziatu eta DEA lortu zuen, irudi filmikoan sexu, genero eta sexu identitateei buruzko ikerketa batekin. Unibertsitate berean Zinema Masterra du.
Tate Modern-en, Royal College of Art-en eta Londresko UCL-en, Parisko EHESS-en, Vienako MAk-en, Berlingo 8. Bienal-ean, Brooklyn Museumean eta New Yorkeko New Museumean, Boston Collegen, Mexiko DFko MUACen, Costa Ricako Unibertsitatean, Txileko Santiagoko Arte Ederren Museoan edo Madrilgo MNCARSen hitzaldiak eman ditu.
Informazio-iturri (itzulpena): arakis.info
- ArtxiboAZan