Arte Plastikoen Velázquez Saria jaso zuen 2023an, multimedia artista gisa egindako ibilbide luzeagatik. Marisa González aitzindaria izan da teknologia berriak erabiltzen 1970eko hamarkadatik gaur egun arte.
Bilbon jaio zen 1943an, eta Madrilen bizi da. Pianoko Goi Mailako ikasketak egin zituen Bilboko Kontserbatorioan, Arte Ederretan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Arte Ederretako Fakultatean (1971), masterra egin zuen Chicagoko Art Institute-n, Sistema Sortzaileen Sailean (1973), eta BFA Corcoran School of Art-en (Washington D.C.) (1976).
Bere ibilbide artistiko guztian agertzen da gizarte garaikidean etengabe aldatzen ari diren teknologiekiko harreman sistematikoa. 1970eko hamarkadaren hasieran fotokopiagailuekin egin zituen lehen lanekin hasi, faxekin egindakoekin segi, eta, gero, ordenagailuekin eta bideoarekin landu zituen horietara iritsi arte.
Artearen eta teknologiaren arteko sinbiosian, eta hainbat teknikaren mihiztadura metodo gisa hartuta, Marisa Gonzálezek hizkuntza berri bat sortu du, berak kodetutakoa. Bere lan guztian agertzen dira irudien eta zatiaren erreprodukzioa eta errepikapena, eta formaren sorrera, garaikide denaren balio enblematiko gisa.
Feminismoa, memoria eta arkeologia industriala, birziklapena eta ekologia, eta bazterketa- eta prekarietate-prozesuekiko arreta dira Gonzálezen ibilbidean nabarmentzen diren beste bereizgarri batzuk.
Artxibo, dokumentu eta arkeologia industrialen biltzaile nekaezina izan da, beti konprometitua gure mundu globalizatuko desparekotasun sozialen eta mehatxu ekologikoen aurrean.
Hainbat museotan eta bildumatan ditu artelanak, eta banakako 60 erakusketa baino gehiago eta 150 erakusketa kolektibotik gora egin ditu, besteak beste, Veneziako Bienalean, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalean, Tabacaleran (Madril) eta Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan (CCCB). Hainbat argitalpenetan aipatu izan dute erreferente gisa, hala nola Jorge Luis Marzoren Arte en España (1939-2015) eta Patricia Mayayoren La fotografía en España. De los orígenes al siglo XXI izeneko lanetan.
Teknologia berriei buruzko tailerrak gidatu, eta hitzaldiak ematen ditu, bera baita arlo horretako artista aitzindarietako bat.