Edward Lucie-Smith sona handiko artekritikaria eta historialaria da, bai eta
antologista, argazkilaria eta poeta ere.
Poesia-lanagatik jaso zuen, hain justu,
John Llewellyn Rhys Memorial saria.
Ehun lan baino gehiago argitaratu ditu;
besteak beste, Joana Arc-ekoaren
biografia bat –Penguin argitaletxeak
berrargitaratu zuen poltsiko-liburu
formatuan, biografia klasikoen bilduman–, nobela historiko bat eta ehun bat
arte-liburu, gehienak arte garaikideari
buruzkoak. Gehien idatzi eta argitaratu duen arte-idazleetako bat da, eta
bere lanetako batzuen 250.000 ale
baino gehiago saldu ditu. Bere liburuetako batzuk erreferente dira mundu
zabalean, hala nola Movements in
Art since 1945, Visual Arts of the 20th
Century, A Dictionary of Art Terms eta
Art Today. Movements in Art since 1945
lana 1969an argitaratu zen lehen aldiz,
eta harrezkero etengabe izan ditu edizio
gehiago. Gainera, hainbat hizkuntzatara itzuli da; txinerara, arabiarrera eta
pertsierara, esaterako.
Bidaiari amorratua da, eta konferentziak
nonahi eskaintzen ditu. Hain zuzen
ere, Argentinan, Kolonbian, Brasilen,
Eslovakian, Australian, Zeelanda
Berrian eta Iranen aritu da hizlari,
beste batzuen artean. Lotura estua
du Txinako arte garaikidearekin. Hala,
artista txinatar ezagunenek Txinako
Arte Museo Nazionalean eta Shangaiko
Arte Modernoko Museoan egindako
erakusketetarako katalogoak idatzi ditu.
Horrez gain, arte garaikideko zenbait
erakusketaren komisario izan da Peter
Moores Fundaziorako Liverpoolgo
Walker Arte Galerian. 2011n, Bow Arts
Trusten urteko erakusketaren kontserbatzailekide izan zen Londresko bi
espaziotan, bai eta ‘Polemically Small’
erakusketarena ere. Azken horrek
Britainia Handiko 88 artista nobelen lanak bildu zituen Los Angelesko
Torrance museoan. Halaber, Klaipėdako
(Lituania) KCCC espazioan Britainia
Handiko eta Irango artistak biltzen
dituen erakusketa baten kontserbatzaile
izan da.