- Carbonell, Eudald (1953- )
- Eudald Carbonell (Ribes de Freser, Ripollès, 1953), aurrehistorialaria eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (1976). Kuaternarioko Geologian doktoratu zen Universidad Pierre et Marie Curie Paris VI zentroan (1986), eta Geografia eta Historian, berriz, Bartzelonako Unibertsitatean (1988).
Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Goreneko lankidea. 1988an irakasle hasi zen, Bartzelonako Unibertsitatearen Tarragonako ordezkaritza den Universidad Rovira i Virgili-n (1991ra arte); eta horko katedraduna da 1999tik. Unibertsitate horretatik, diziplina arteko ikerketa-talde bat bultzatu zuen, eta, horren ondorioz, 2004an, Giza Paleoekologia eta Bilakaera Sozialeko Kataluniako Institutua (IPHES) sortu zen. Hark zuzendu zuen 2015era arte. Hainbat indusketa egin ditu Europako eta Afrikako aztarnategietan, besteak beste, Atapuercan -1978tik Emiliano Aguirreren zuzendaritzapean, eta, gero, 1991tik aurrera, José María Bermúdez de Castroren eta Juan Luis Arsuagaren zuzendaritzapean- eta 1983tik berak zuzentzen duen L’abric Romaní-n. Atapuerca Fundazioko patrono sortzailea eta presidenteordea da.
Lan ugari egin ditu, hala nola Atapuercako taldeko beste kide batzuekin batera ‘Science’ aldizkarian ateratako ‘A Hominid from the Lower pléistocène of Atapuerca, Spain: posible Ancestor to Neanderthales and Modern Humanos’ artikulua (1997), ‘Homo antecesor’-a aurkeztu, eta Europan hominidoak finkatu baino askoz lehenago kokatu zuena. Horrez gain, dibulgatzaile-lana egin du, eta saiakera asko atera ditu, giza kondizioaz duen ikuspegia -paleoantropologo-prestakuntzaren eta marxismoan oinarritutako giza garapenaren etikaren eragina duena- azaltzeko.
Irakasle gailen izendatu dute Universidad Rovira i Virgili-n (2003), eta Erromako Klubeko Espainiako Kapituluko eta New Yorkeko Zientzietako Akademiako kidea da. 1997an, Asturiasko Printzea Saria eman zioten, Atapuercako taldearen ordezkari gisa. Bestetik, 2000. urtean, meritu zientifikoari onetsitako Narcís Monturiol domina eman zion Kataluniako Generalitatek, eta, 2009an, Kulturako Sari Nazionala irabazi zuen.
- ArtxiboAZan