- Sra Polaroiska
Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe dira Sra Polaroiskaren sortzaileak. Alaitz Arenzana Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da.
Bere lehenengo obretatik argi utzi zuen artearen mundutik gertu zeuden ikerketa- eta sormen-arloaren inguruko bidea hartuko zuela, irudiaren interes industrialagoen bidea hartu ordez. Aldi berean, dokumentalak, publizitatea eta telebistako programak egiten ditu. María Ibarretxe Arte Dramatikoan diplomaduna da, sormen eszenikoaren eta performancearen mundutik dator, eta zenbait konpainiatako dantzaria eta aktorea ere bada. Bere lankidetzaren bidez, bi mundu horiek iragazi, eta bitarteko toki batean kokatu dira. Dantza eta arte eszenikoen ikerkuntzan diharduen Ruemaniak kolektiboko kideak dira biak.
Sra. Polaroiskaren ikus-entzunezko obrak ekintzako artea, sorkuntza eszenikoa eta koreografikoa aztertzen ditu. Haien lanean, beste espazio eta hizkuntza batzuk bilatzen dituzte, eta gorputza eta kokatuta dagoen espazioarekin gorputzak duen harremana dira beti protagonista nagusiak. Narrazioaren ohiko egituretatik ihes egiten dute, eta ikusleei itxitako kontzeptuetatik ere bai. Obrak anbiguoak dira berariaz; gorputzari lotutako rolekin jolasten dute, beha dagoen begiradari egonkortasuna galarazteko, ikusten duen zera horren aurrean jarrera bat hartzera behartzeko. Ikuslea erabat murgiltzen da haiek sortutako munduan, espazioan. Hala ere, espazio hori zabalik dago; era askotako interpretazioak izan ditzake, pantailan gertatutakoari begira egon diren begiradak beste.
2017an Gure Artea saria irabazi zuten, sorkuntzan egindako jarduerarengatik, eta nazioarteko arte-zentro eta jaialdi askotan erakutsi dituzte beren pieza eszenikoak eta ikus-entzunezkoak: Artium Museoa, Reina Sofía Museoa, Guggenheim Museoa, Stockholmeko Cervantes Institutua, Manchester, Parisko Festival des Cinémas Différents, Casa Encendida, Bilbao Arte Fundazioa, eta abar.
AZ Kideak - Artistas asociad@s a Az programaren bidez, Sra. Polaroiskak bere sormen-prozesuarekin jarraitu du, erreferenteak sortuz eta emakume helduen ahalduntzea ardatz gisa hartuz. Horretarako, programazio hedatua eta belaunaldi-artekoa egin dute lantzen dituzten piezekin, adinari lotutako uste estetikoak eta jarrerakoak ikusgarri bihurtu, eta zalantzan jartzeko. Ez dago erritmorako adinik izeneko instalazio performatiboaren bidez, gailu bat aurkeztu zuten 2019ko ekainean. Bertan, adin guztietako pertsonak gonbidatu zituzten dantza kolektibo, familiar eta belaunaldi-arteko batez gozatzera, eta haien ikus-entzunezko azken pieza ere proiektatu zuten: Zahartzea baino gauza modernoagorik ez dago.
Horrez gain, Sra. Polaroiskak Jakintsuen kontseilua proiektua jarri du abian, hainbat arlotako adineko emakume eta profesionalekin izandako sei topaketaz osatutako zikloa, jakinduria jaso eta partekatzeko proposamena.
- Estekak
- Sr Polaroiska webgunea
- ArtxiboAZan