Logo
Miralda, Antoni (1942- )
Antoni Miralda Terrassan (Bartzelona) jaio zen 1942an. Bi urtez Parisen eta beste bi urtez Londonen egon ondoren, 1966an Frantziako hiriburuan finkatu zen 1972ra arte, eta urte horretan New Yorkera joan zen. Gaur egun Miami eta Bartzelona artean bizi da. 60ko hamarkadan, «Parisko kataluniarrak» –Joan Rabascall, Jaume Xifra, Benet Rossell eta Dorothée Selz– deitutakoekin batera, zenbait happening edo taldeko erritual egin zituen, janariaren zeremonialaren inguruan, kolorea eta haren sinbolismoa oinarri hartuta. Hasieran Dorothée Selz-en lankidetzarekin, eta 1972az geroztik Montse Guillén kontserbatzaile eta gastronomoarekin, janaria bihurtu zuen bere lan artistikoaren xede.

Urteetan zehar, instalazio handiak garatu ditu, lengoaia inkonformista, jai-girokoa, barrokoa eta kitsch erakoa erabiliz, eta artea bizitzara gerturatu du. ‘Honeymoon Project’ proiektu nabarmena Bartzelonako Colonen estatuaren eta New Yorkeko Askatasunaren estatuaren arteko ezkontza sinbolikoa da. Bertan, janaria bezalako jarduera unibertsal bat erabili zuen, mundu globaleko aurreiritzien dekonstrukzioa egiteko. Haren artelan askok taldekako parte-hartzea, jolasa eta festa sustatzen dituzte.

Bere etnologia gastronomikoaren ondorioz, hainbat aintzatespen jaso ditu nazioartean. 2000. urteaz geroztik FoodCulturaMuseum-ean buru-belarri sartuta dago Miralda: aniztasun gastronomikoari eta horrek planetako kulturekin duen loturari buruzko ikerketan eta hausnarketan oinarritutako hainbat proiekturen artxibo bat da. Miamin eta Bartzelonan ditu egoitzak, eta janariaren kultura aztertzen eta hedatzen du, ikus-entzunezkoen, musikaren, liburuen, altzarien, objektuen eta mota guztietako dokumentuen bidez.

ArtxiboAZan