Maddi Barber zinemagile eta ikertzaileak ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta antropologia bisualeko master bat egin zuen Manchester-eko Unibertsitatean.
Bere lan zinematografikoek lotura estua dute jaio zen Pirinioaurreko lurraldearekin, eta gizakien eta naturaren arteko zaintza-etikaren, memoriaren, lurraldearen, azpiegituraren eta ekologiaren arteko harremana dute aztergai.
Hainbat jaialditan erakutsi du lana: Visions du Réel (Nyon), Donostia (Zabaltegi, Donostia), FidMarseille (Marseilla), Open City (Londres), Documenta Madrid (Madril) eta Punto de Vista (Iruñea). Arte-zentroetan ere egon da ikusgai: San Telmo Museoa (Donostia), Oteiza Museoa (Alzuza), La Panera (Lleida), Artium Museoa (Gasteiz), Arte Ederren Museoa (Bilbo) eta Bolit Museoa (Girona).
2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta harekin ekoitzi ditu bere filmetako batzuk, baita bere inguruko artista eta zinemagileenak ere.