- Atxaga, Bernardo (1951- )
- Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951), Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta hainbat lanbidetan aritu izan zen (euskara irakaslea, irratiko gidoilaria, liburu-saltzailea, ekonomialaria, etab.), harik eta, azkenik, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, literaturari bete-betean ekin zion arte.
Liburuok argitaratu ditu, beste hainbaten artean: 'Bi anai' (1985), 'Obabakoak' (1988, Euskadi Saria, Espainiako Premio Nacional de Narrativa, IMPAC European Literary Award sarian finalista), 'Gizona bere bakardadean' (1993), 'Zeru horiek' (1995), 'Soinujolearen semea' (2003, Grinzane Cavour Saria, Mondello Saria, Times Literary Supplement Translation Prize saria), 'Zazpi etxe Frantzian' (2009) eta 'Nevadako egunak' (2013). Bere obra, 32 hizkuntzatan irakur daitekeena, zinemara eraman dute Montxo Armendarizek ('Obaba', 2005), Aizpea Goenagak ('Zeru horiek', 2006) eta Imanol Rayok ('Bi anai', 2011). Euskaltzain oso da, eta Erlea aldizkariaren zuzendaria.
- Estekak
- Euskal Idazleen Elkartea-n profila
- Auñamendi-n profila
- Bernardo Atxagaren webgunea
- ArtxiboAZan