Gutun Zuria Bilbao hemeretzigarren ediziora iritsi da, hitzaren inguruko diziplina anitzeko sorkuntzaren erreferente bihurtuta. Hirian antzinakoena den nazioarteko jaialdi honek, urtero, zubi-lana egiten du idazten eta irakurtzen duenaren artean, eta bizipen komun bihurtzen ditu normalean esperientzia intimoak izaten diren irakurketa eta literatura.
Gutun Zuria Bilbaok ondare idatzia balioesten du, eta, aldi berean, gonbit egiten du forma narratibo, digital edo hibrido berriak esploratzera. Literatura etengabe berritzen ari da, eta jaialdi hau hori ikusteko gunea egokia da. Ikusleak jaialdi honetara etortzen dira, erreferentziazko egileekin batera egoteko. Baita ahots berriak eta egungo narratibaren aniztasuna gertutik ezagutzeko ere. Eta, batez ere, edizio bakoitzean bizi garen munduari buruz egiten dugun elkarrizketa honetan parte hartzeko.
Deskribapena:
Aurten, jaialdiak uste sendoa du literaturarik futuristena ez dela “etorkizunari buruz” idazten dena, baizik eta “hemendik” idazten dena. Literatura honek ziurtzat jotzen du etorkizuna gaur bertan gertatzen ari dela, ametsez eta amesgaiztoez betez gure eguneroko oraina. Literatura hau bere garaiaren aurretik doa, eta iraganera itzultzen da, gure gaurko kontuetarako erantzunen bila.
Dimentsio hori jorratuko du aurtengo edizioak. Jaialdiak kritika hartzen du bere gain eta, aldi berean, ez du soilik katarsian babestu nahi. Benetan uste dugu gaur egungo ezinegonak, kexatzera eramateaz gain, proposamenak egitera ere eraman behar gaituela. Gutun Zuria Bilbaon, lehen bezala uste dugu sustrai semantiko bera izateak baino zerbait gehiagok lotzen dituela optimismo eta optimo hitzak.
Jaialdi gisa, idazketa eta beste arte batzuk uztartzen jarraitzen dugu, bikaintasuna eta ospakizuna. Idatzitakoaren edukia eta liburuen egikera formala partekatzen ditugu. Haien nonahikotasuna eta mutazioak, arriskuak eta hilezkortasuna aztertuz. Paperetik pantailara, orri irekitik bere konbertsio ugarietara.