Sra Polaroiskak Emakume jakintsuen kontseilua proiektua jarri du abian, hainbat arlotako adineko emakume eta profesionalekin izandako bederatzi topaketaz osatutako zikloa, jakinduria jaso eta partekatzeko proposamena.
Deskribapena:
Kolektiboak No hay edad para el ritmo instalazioarekin hasi zuen egonaldia; eta, hor, No hay nada más moderno que envejecer bere ikus-entzunezko pieza proiektatzeaz gain, gailu bat proposatu zuen, adin guztietako pertsonak dantza kolektibo, familiar eta belaunaldien artekoaz gozatzera gonbidatuta. Performance kolektibo horren ondoren, Jakintsuen kontseilua proiektua hasi zen, hainbat arlotako adineko emakume eta profesionalekin izandako bederatzi topaketaz osatutako zikloa, jakinduria jaso eta partekatzeko proposamena. Saioetan jakintsu hauek hartu dute parte: Dolores Juliano gizarte-antropologoa, Argentinan jaioa eta Bartzelonan erbesteratua Videlaren estatu-kolpearen ondoren; Amaia Lasa, poesia euskaraz idatzi zuen lehen emakumeetako bat; Garbiñe Mendizabal, genero-berdintasunerako aholkularia eta espezialista; Luisa Menéndez, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko Plataformako ekintzailea; Adelina Moya, Historian doktorea eta Bilboko Arte Ederren Fakultateko irakasle titularra; Arantxa Urretabizkaia, idazlea eta euskaltzaina; Margarita Ledo, kazetaria, zinemagilea, idazlea eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko eta publizitateko katedraduna; Rosa María Calaf, TVEko ibilbide luzeko eta askotariko berriemailea; eta, azkenik, Teresa Catalán, konpositorea, musikaria, ikertzailea, irakaslea eta Jakiunde Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako Arte, Zientzia eta Letren Akademiako kide osoa.
Gainera, Sra Polaroiska koaderno baten argitalpenean ari da lanean. Bertan, gonbidatutako emakumeek partekatutako jakinduria jasoko da, zikloko saioetan artistek sortu dituzten kontakizun grafikoekin batera.